XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Udaberria eta mass media

FELIPE RIUS

Jendea zerbeza hotzak hartzen ari da terrazetan.

Bi egun lehenago kafe beroak hartzen zituzten etxean estufa piztuta eta telebistako pantailan Bosnia elurrez estalirik ikusten zuten.

Eguraldia aldatu da, tenperatura igo da eta beharbada horregatik azaldu dira egunkarietan sarraskitik ihes egiten duten ume afrikarrak.

Informazioak eguraldiaren arabera aldatzen dira, toki guztietan tenperatura berbera dutela pentsatu ohi dugu.

Egun hauetan beroa dago, eta beraz Balkanetako irudi hotzak laster desagertuko dira informatiboetatik, elurretan tiroka ari direla ahaztu egingo dugu eta tropikoetako hilketa masiboetara joko dugu.

Euliak berpiztu egin dira inoiz ez dugu jakinen urtero berberak ala jaioberriak diren eta toki guztietan ikusten ditugu, tabernako ensaladilan nahiz Hegoaldeko gorpuetan.

Sarajevon oraindik ez dago eulirik.

Hiri setiatua Internet-en sartu da, heriotza informazioaren autobideetara iritsi da, baina inor ez da ohartuko.

Udaberrian gaude, eguzkiaren izpiak behar ditugu eta komunikabideek planeta honetako tokirik beroenak hautatzen dituzte.

Nik ere Le Carre-ren liburuak gorde ditut.

Txetxenian hotz handiegia egiten du eta Barry Gifford-en Amerika beroan kokatutako istorioak irakurtzen hasi naiz.

Hegoaldera abiatzeko garaia iritsi da, eta Benetton-ek ere hala egin du, kroaziar hilen arropa zulatuak hilobietan sartu ditu eta Gazara joan da maniki bila.

Udaberria iritsi da eta denok irrifartsu agertu behar dugu argazkian.